XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), zorionez laugarren pisuan geratu zen, eta bestea (erokeria dirudi, baina egia dena egia da) neska andaluziar bezala jantzia, aurpegiko maskara baten bidez estalirik, Katharinaren ondotik aldegin ez, baizik bere ondo-ondoan zutik jarri eta bere begi lotsagabe, gogor, marroietatik zuzen eta jakin nahiez begiratzen ziola.

Zortzigarren bizitzatik gorago joan zen.

Erne: bada oraindik okerragorik.

Bere etxebizitzara heldu eta, hara sartzean Katharina Beirtersi eta W. andreari egiaz itsatsi zitzaien: telefonoak jo zuen; baina oraingoan W. andrea azkarrago mugitu zen, joan, telefonoa hartu, eta bere aurpegian nazka itxura azaldu zen zurbiltzeraino; gero entzun zitzaion apo madarikatu, apo madarikatu lotsagaldua marmarikatzen, eta zuhurki telefonoa utzi zuen, eskegi gabe ordea.

Alferrik saiatu ziren biak, bai W. andrea bai Beiters, Katharinari bere posta kentzen; hertsirik eutsi zion gutun eta inprimaki sortari eta haiekin batera poltsatik aterata zeuzkan EGUNKARIAren bi aleei, eta gutunak ireki nahi zituzkeela adierazi zuen ondoren.

Ez zegoen zer eginik. Dena irakurri zuen!.

Ez zen dena anonimoa.

Anonimo ez zen gutun bat handiena bere burua gauza intimoen bidal-etxea deitzen zuen enpresa batena zen, inondiko sexu artikulu guztiak eskainiz.

Katharinaren umorerako, hau saltsa mingarria zen, okerrago oraindik, norbaitek gainean eskuz idatzi zuela: Hauek dira benetako kariziak.

Labur, edo hobe, estatistika bezala esateko, gainerako hemezortzi gutunetatik, ziren: - Zazpi postal anonimo, sexu eskaintza gordinak eskuz idatzita, denetan komunista zikina hitzak zetozela.